Munttarko Adierazpena

Munttarko Adierazpena

Lezo historia eta izeneko herria da. Sortzaile ugari, historiako eta asmatutako
pertsonai, eliza eta enparantza ederrak eta Jaizkibelgo eta Gaintxurizketako paraje
zoragarriak dauzkana. Hala aitortzen digute herritik kanpora. Baina Lezo benetan handi
egiten dugunak, gu gara, lezoarrak. Ideia eta pentsamolde oso ezberdineko herritarrak,
denok nahi dugu hoberena gure herriarentzat.
Elkarrekin
Horregatik elkartu gara Munttarko adierazpena
izenpean hainbat lezoar.
Pentsamolde eta herri ikuskera ugarietako kulturzale, kirolari, hezitzaile, eta
konprometitutako hainbat herritar. Lezoarroi mezu argi eta sinplea zabaltzeko:
Hondakinekin daukagun arazoa elkarrekin konpondu behar dugula.
Birziklatuz
Lehenengo mundu honetan bizi garenok hondakin gehiegi sortzen dugu Lezon,
Euskal Herrian, Europan eta Munduan. Honen aurrean herri aurreratu guztiek apustu
garbi bat egiten dihardute: birziklapenaren apustua.
Gure ustez, hondakinekin dugun arazoa konpontzeko hauxe egin behar da:
Hondakin gutxiago sortu, ahalik eta gehien berrerabili, eta ahal den guztia birziklatu.
Heziketa eta osasuna
Seguru gaude denon edo gehienon konpromisoa dela birziklatzea. Etikoa,
ekologikoa, justua eta naturala delako. Hori nola egin asmatzea da kontua. Ahalegintxo
bat egiteko prest gaude? Seguru baietz. Gainera, hola ez dugu erraustegia egiteko
beharrik izango, ez Lezon eta ez beste inon.
Ikerketa zientifiko ugarik diote, erraustegiak pertsonen osasunerako oso
kaltegarriak direla; inork ez ditugu gure etxe ondoan nahi. Birziklatuz, gure osasuna
zaindu, gure seme-alabei etorkizun hobea eskaini eta ingurumena kontserbatuko dugu.
Hezitzaileok ere, Lezoko inguruak eta ingurumenak zainduz, heziko ditugu belaunaldi
berriak.
Lezoarrok lortuko dugu hondakinen arazoari irtenbidea topatzen! Elkarrekin hitz
eginez, eztabaidatuz, parte hartuz, eta adostasun zabalera helduz.

Utzi iruzkina