Lezoko zero zabor taldearen jarrera, Lezon bilketa sistemaren inguruan egin nahi den galdeketa dela eta.

27tik 85era

  1. Lezon azken 2 urtetan birziklagarria den materiaren bilketan %30 eskasetik %85era iritsi gara.

  1. Materia organikoarekin 290 familiak auto konposta egiten du herrian.

  1. Aldaketa honetan Lezoar gehienek erakutsi duten inplikazio txukuna eskertzekoa izan da.

  1. Emaitza honen gakoetako bat Lezoko Udalak hondakinak biltzeko jarritako sistema izan da. Atez-Ateko bilketa guztiz eraginkorra izan da bereizte maila hauek lortzeko.

  1. Lezoko udalak urtero 200.000€ aurrezten ditu bilketa sistema honekin, hondakinak jasotzen bi lagun gehiagok lan egiten badute ere.

    1. Herriko “zabor” tona bakoitza -144€ ordaindu behar da, eta orain errefusa 2012an baina askoz ere gutxiago da. Egun organiko tona -73€/T ordaindu behar da.

    2. Bestalde birziklatzen dena ez doa “zabor” tonatara eta , papera +202€/T, eta ontzi arinak +380€/T diru-turri dira. Gure urteroko 90€ekin eta urtean aurrezten diren 200.000€ekin ez gara iristen hondakin kudeaketa estaltzera, ezta lau edukiontzi genituenean ere.

    3. Parte hartze prozesuetan erabaki zen bezala hondakinen bilketa egunez egiten da eta horretan ere aurrezten da. Langileen soldatari ez zaiolako gaueko soldatarik atxikitu behar.

  1. Badakigu, sistema bilketa martxan jarri behar zen garaian herrian tentsio uneak bizi genituela baina uste dugu, jendeak sistema bera ezagutzearekin batera ohiturak aldatu eta gehiengoak ongi egiten duela.

  1. Bestetik Lezoko atez ateko sistemak hobekuntzak behar dituela uste dugu eta honen inguruan hitz egiteko prest gaude.

Lezoko bilketa sistemari buruzko galderaren baitan.

Aurreko hilean Lezoko Alkate den Kepa Garbizuk berarekin elkartu ondoren hondakinen bilketa sistema erabakitzeko erreferenduma egin behar duela esan digu.

  1. Pentsatzen dugu gaur egun atez ateko funtzionamenduaren inguruan balantze bat egin eta hobetzeko neurriak har daitezkeela Lezon, eta gure iritziz galdeketan izango diren aukera guztiek %70etik gorako bereizte tasa bermatuz birziklatzea derrigortzen duten sistemak izan behar dutela.
  2. Lezon edozein pausoren aurrean helburu diren birziklatze tasak zein izan behar duten adosteko-eta herriari irekitako batzorde bat osatzea eskatuko genuke eta Lezo Zero Zabor taldeak bertan parte hartzeko konpromisoa hartzen du.

a

Kepa Garbizu: «Kontsulta egin egingo dugu, baita emaitza errespetatu ere»

Kepa Garbizu

Ezustean harrapatu zintuen hauteskundeetako emaitzak maiatzaren 24an. Hilabete pasata, aldaketa zerk eragin duela uste duzu, EAJk hiru zinegotzi izatetik sei izatera pasatzeko?
Ez dakit nola esan, baina zenbakiak begiratuta ikusten da badagoela 300 botoren dantza, EH Bilduk jaitsi ditu eta guk irabazi egin ditugu. Aldaketa hori, zabor bilketaren ondorio izan dela uste dut, atez atekoaren ondorio, hain zuzen ere. Bestela, badira beste faktore batzuk ziurrenik, baina garrantzitsuena zalantzarik gabe atez atekoarena izan da.
Bosgarren edukiontziaren aldekoa zara. Hondakinen bilketa sistema erabakitzeko herritarren artean galdeketa egitea ezinbestekoa dela, eta gainera emaitza loteslea izango dela esan zenuen hauteskundeen aurretik. Hala izango da?
Bai. Hala da, hala esan genuen eta hala mantenduko dugu.Tentazioren bat izan da hor inguruan, Pasaian adibidez. Guk hauteskunde aurretik esandakoa mantenduko dugu. Ez da garairik egokiena halakoekin hasteko oporrak direlako, baina kontsulta egin egingo dugu eta emaitza errespetatu.
Galdeketak zein emaitza izango duela uste duzu?
Nahi nuke bosgarren edukiontziaren aldeko emaitza izatea galdeketa horrek, baina dena dela, gertatzen dena.
Aurten egingo dugula uste dut. EAJk gure egoera berean dauden herrietan eta ahal denetan egin nahi duela kontsulta hori pentsatzen dut. Ziur ez naiz, ordea. Denok batera eta koordinatuta egingo dugula pentsatzen dut, baina ez dago zehaztuta oraindik.
Enplegua, ekonomia eta lezoarren ongizatea bermatzea izango direla lehentasunak esan duzu. Gehiago zehazterik bai? Zerbaitetan hasi zarete jada?
Oraindik ez gara ezertan hasi, ez dugu aukerarik izan. Lur hartzen ari gara momentu honetan, eta ez gara ezer lantzen hasi oraindik. Hala ere horiek dira gure lehentasunak eta mantentzen jarraitzen dugu.
Gaintxurizketan eraiki nahi den plataforma intermodalaren gainean, berriz, zer dio EAJk?
Bertako zatikako plana jendaurrean izan da. Ez dakit zein neurriraino onartuta dagoen edo ez, egia esan. Badakigu lotune bat egin nahi dutela, portuaren mugimendua arintzeko eta merkantziak bideratzeko. Gehiago ez dakigu. Nik uste dut aldekoak garela eta noizbait egingo dela.
Lezo Zero Zabor taldearekin bildu zara…
Bai, egin dudan lehen bilera edo elkarrizketa beraiekin izan da. Gure asmoak azaldu nizkien eta kontsulta egingo dugula jakinarazi, jendeak erabaki dezan.

Munduan gehien birziklatzen duen herrien artean dago Lezo

Gaikako bilketarekin %27 tik %83 birziklatzera pasa gara hilabete batean

Gaikako bilketa %27tik %83ra igo da Lezon atez atekoarekin

Atez ateko bilketa sistemarekin hondakinen %27 sailkatuta biltzetik, %83 sailkatuta biltzera igaro dira aurreikuspenak betez

Maiatzaren 6an Atez Ateko hondakinen gaikako bilketa martxan jarri zenetik hilabete igaro da eta Lezok baditu dagoeneko lehen emaitza fidagarriak: Atez Ateko hondakinen bilketa sistema berriarekin, hilabetean, birziklatze tasa hirukoiztea lortu dute lezoarrek. Hala adierazi du Ainhoa Zabalo alkateak gaur goizean Lezoko udaletxean hango Ingurumen zinegotzi Ainhoa Intxaurrandietarekin batera eman duen prentsaurrekoan.

Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak azaldu duenez, bilketa sistema berriarekin denbora gutxian baieztatu ahal izan da %80 baino gehiago birzikla daitekeela, hala lehengo tasa 55 puntutan handituz: “Sortzen dugun hondakin kantitate izugarriari irtenbidea emateko lanean dihardugu azken aldian, eredu jasangarriagoa baten alde egin nahian, eta gure ahaleginak eman ditu lehen fruituak. Benetan emaitza onak dira, eta oso pozik gaude herritarrei esker Lezo iraunkorrago bateranzko bidean jarri garelako. Eta horrela jakinarazi nahi izan dugu gaurkoa bezalako egun seinalatu batean, hain zuzen, Nazioarteko Ingurumenaren Egunean”.

Bilketa sistema berria martxan jarri zenetik, egunero pisatzen dute egun horretan jasotako gaia (astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan organikoa, asteartetan eta ostiraletan ontzi arinak, asteazkenetan papera nahiz kartoia, eta igandetan birzikla ezin daitekeen errefusa). Hala, egunean zenbat kilo jasotzen diren eta kopuru horretatik zenbat doan birziklatzera kalkula daiteke. Datuek ez dute gezurrik esaten: Lezon, %27 birziklatzetik %83 birziklatzera igaro dira.

Alkateak oso positiboki baloratu du hilabete eskasean birziklatze tasak izan duen gorakada, eta Atez Atekoa alternatibarik egokiena dela defendatu du. “Bestelako ereduekin ezinezkoa da halako birziklatze tasak lortzea. Lezon, aldiz, hilabete eskasean %83 iritsi gara”. “Eta ezin dut aipatu gabe utzi –jarraitu du– Atez Atekoa merkeago ateratzen dela eta lanpostuak sortzen dituela”.

Herritarren inplikazioa

Zabalok herritarren inplikazioa jo du arrakastaren oinarri. “Lezoarrek zaborra biltzeko sistema berriarekiko izan duten atxikimendua handia izan da; zaborrak ateratzeko ontziak eta poltsak jasotzen azaldu zuten lehendabizi, eta hilabete honetan baieztatu egin dute. Eta ziur gaude gainera, datozen hilabeteetan datuek hobera egingo dutela. Izan ere, hasiera batean aldeko jarrera ez zuten herritarrak ere Atez Atekora erraz moldatu dira, eta ingurukoak kutsatuko dituzte”.

Era berean, Atez Ateko zabor bilketa prozesua martxan jarri aurretik zenbait gorabehera gertatu arren, hilabete honetan nabarmentzeko intzidentziarik ez dela izan nabarmendu dute, eta “harro” agertu dira herritarren parte-hartze mailarekin.

Amaitzeko, Ainhoa Zabalo alkateak Lezoko herritarrei eta Udal ordezkariei eskerrak eman dizkie: “Orain zorionak ematea tokatzen zaigu eta herritarren inplikazioa eskertzea, inguruko beste herrientzako eredugarri zaretelako. Ziur nago zuen bideari jarraituz, eta denon ahaleginarekin Lezo iraunkorrago eta garbiago bat eraikitzea lortuko dugula”.

Datuak (maiatzaren 6tik ekainaren 3ra)

 

KILOAK

ORGANIKOA

36.200 kg.

ONTZI ARINAK

11.540 kg.

PAPERA ETA KARTOIA

13.660 kg.

ERREFUSA

15.860 kg.

BEIRA

15.251 kg

GUZTIRA

92.511 kg.

 

Albistea prentsan ikusteko:

Berria: Birziklatze tasa %28tik %83ra igo da Lezon

Naiz: Birziklatze tasa hirukoiztu egin da Lezon atez atekoarekin

Diario Vasco: Lezo triplica la tasa de reciclaje con el PaP, según el Ayuntamiento

El Pais: Lezo asegura haber triplicado en un mes la tasa de reciclaje con el ‘puerta a puerta’

 

BADATOR MUNDUMOB

Bideoa

Gure Amalurra aurreko belaunaldietatik jaso dugun bezela jasotzeko eskubidea izan dugun bezala, gure hondorengoei ere ongi uzteko betebeharra dugu.
Maiatzaren 3an, eta 10ean arratsaldeko 19:00etan Mundumob Flash movearen entseguak egingo ditugu.
Oreindainen hasita larunbat honetan, herriz herri Lezoraino etorriko da maiatzaren 11n, 12:00etan Gurutze Santuaren Plazara. Ekainaren 8an Donostian amaituko da arratsaldeko 16:00tik 20:00ak arte. ZATOZTE!

MUNDUMOB

Zer da Mundumob?

Mundumob, Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da. Herritarrak printzipio nagusi baten inguruan biltzea da Mundumoben helburua: “Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra”. Iraunkortasunaren aldarrikapena da azken finean egingo duguna. Ideia hori lelo nagusian laburtu dugu: “Eman hartu nahi duzun mundua.”

Ekimenean printzipioak finkatu nahi ditugu, herritarrek eta eragileek printzipio horiei atxikitzea nahi dugu, gero hortik abiatuta helburu eta ekintza zehatzak adostu eta gauzatzeko.

Mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatu bat izango da. Kantua Karlos Gimenezek egin du, letra Jon Maiak jarri dio, ahotsa Ze Esatek taldeko Jabirena da Ines Osinagaren parte hartzearekin . Guzti hori Mikel f. Krutzaga teknikariaren lanarekin borobilduz  eta koreografia gurekin lehendik lan egin izan duen Mikel Erguinek egin du.

Horrekin batera, eskutik eskura ibiliko dugun mundu bolak lagunduko digu ekimenean emango dugun mezua zabaltzen.

Orain arte egin ditugun ekimenetan bezala, aldarrikatzen dugun baikortasuna eta konpromisoa egongo dira ekimenaren muinean. Aldarrikatzen dugun etorkizun hobeago horren isla izango da ekimena, giro alai, partehartzaile eta ludikoan burutuko duguna.

Ibilbideari dagokionez, maiatzaren 4ean hasiko da Gipuzkoako herririk handienean, Orendainen. Ondo esan dugu bai. Handitasuna ez da bakarrik m2-tan edota biztanle kopuruaren arabera neurtzen. Guk, handitasuna, herritarren bihotzetan eta konpromisoan neurtzen dugu, eta horretan ez daukagu zalantzarik orendaindarrak eredu direla Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Lehenengo Zero Zabor herria dugu. Hondakin organiko guztia herrian tratatzen dute ongarri bihurtuz. Ez dute beste herrietara organiko tona bakar bat usteltzera bidaltzen. Mundumoben hasiera Orendainen eginez, guzti horren aitortza egin nahi dugu.

Bukaera ere Gipuzkoako herririk handienean egingo dugu. Oraingoan bai, biztanle kopuruari begira. Handiena baita ere sortutako zabor kopuruari begira. Praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren lekua beraz, konponbidearen gakoa. Donostiak erronka polita jarri dio bere buruari: 2016 urtean Europako Kultur Hiriburu izatearena. Guk gure ekarpena egin nahi diogu izendapen horri. Kulturak eta jakintzak nekez egiten dute bat utzikeria eta zabarkeriarekin. Donostia Zero Zabor norabidean jartzeko gure ekarpena egingo diogu amaiera han emanda. Donostiakoa herrialde mailako ekitaldia izango da.

Lezo Zero Zabor Hitzan

Lezo, zero zabor bidean

   2013/04/19

Hilaren 29an abiatuko da hondakinen atez ateko bilketa sistema Lezon. Lezoarrek %28 birziklatzetik, %80 birziklatzera iristea du helburu udalak

Ostegunean banatu zituzten organikorako kuboak

Ostegunean banatu zituzten organikorako kuboak

A tez atekoa hilaren 29an abiatuko da Lezon. Aurretik, atzotik hasita, hondakinen sistema berrirako beharrezko bitartekoak banatzeari ekin dio udalak Kultur Aretoan, eta herritarrek auzoka prestatutako egutegiaren arabera jasotzen ari dira kuboak, poltsa biodegradagarriak, frakzio egutegia eta ordutegiak jasotzen dituen imana, eta hondakinak ongi bereizteko gida. Errafiazko poltsak datorren astean banatuko dituzte. Ondoko koadroan dago informazio zehatza.

Atez ateko bilketarekin hasiko diren iragarpena «harro» egin zuen Zabalok joan den astelehenean: «%28 eskas birziklatzetik %80 birziklatzera iritsiko gara Lezon, ardura eta iraunkortasun irizpideak lehenetsita». Horrenbestez, atez ateko hondakinen bilketa ezarriko duen Gipuzkoako bederatzigarren udalerria bihurtuko da Lezo, eta Oarsoaldea eskualdeko bigarrena, Oiartzunen atzetik. Hiru urte beteko ditu atez atekoaren bideari ekin zionetik azken horrek maiatzean, eta bide berari jarraituko dio Donibanek.

Bilketa, egunez egun

Materia organikoaren bilketarekin estreinatuko dute atez atekoa Lezon. Horren harira, lehenengo bilketa egunean lezoarrek edukiontzi marroia atera beharko dute bilketa puntuetara hilaren 28ko 20:00etatik hilaren 29ko 07:00ak arte. Goizeko zazpietan bertan hasiko da kamioia lanean. Hondakinen bilketa zazpi egunetan egitea erabaki zuten parte hartze prozesuan bizilagunek. Horren arabera, organikoa hiru egunetan bilduko da, astelehen, ostegun eta larunbatetan; ontzi arinak eta plastikoa, astearte eta ostiraletan; papera eta kartoia asteazkenetan; eta errefusa, berriz, igandetan. Pixoihalak eta konpresak egunero atera ahal izango dituzte lezoarrek.

Iritzi kontrajarriak

Atez atekoaren gaiak iritzi kontrajarriak sortu ditu Lezon, eta horren erakusle dira balkoietan zintzilik tartekatuta azaltzen diren zabor poltsak, eta birziklatzearen aldeko kartelak. Lezo Garbia, atez atekoaren kontrako plataformako kideak dira Jesus Maria Martiarena eta Jose Manuel Arrillaga. Biak ala biak birziklatzearen alde daudela azalduta, bidea «edukiontzi marroia eta jendea kontzientziatzea» dela nabarmendu dute. Joan den urtarrilean udalean aurkeztutako urtebeteko moratoria eskaeraren gainean erantzunik jaso ez dutela salatu dute, halaber: «Edukiontzi marroia jarri eta urtebetez mantentzea eskatu dugu, datuak aztertzeko ondoren, baina udalak ez digu erantzunik eman».

Hilaren 3an egin zuten batzarrean adostutako ildoari eutsi dio plataformak. Desobedientzia zibilerako deia mantendu dute, alegia. Horren harira, atez atekorako udala banatzen ari den bitartekoak jasotzera ez joateko, eta udal ordainketak egiteko dituzten domizializazioak kentzeko erabakia hartu dutela jakinarazi dute: «Bi- de baketsuak erabili ditu Lezo Garbiak, eta zintzilikarioen aurka egin diren sabotaien, irainen eta mehatxuen kontra gaude».

Zintzilikarioen kokapenari dagokionez, «legez kanpokoa» dela argi dute atez atekoaren kontrako plataformako bi kideek. «Jabego pribatua da fatxada, eta komunitateetan ez da baimenik eskatu zintzilikarioak jartzeko, legea urratzen ari da, beraz, udala», esan dute. Hala ere, eta bizilagun batzuk epaitegietarako bidea hartu dutela azalduta, plataformak halako urratsik ez duela eman adierazi dute. Lezoarren gehiengoak atez atekoa ez duela babesten zalantzarik ez dute Lezo Garbia plataforman, «jaso genituen sinadurak ikustea baino ez dago horretarako».

Bestelako iritzia, kontrakoa hain justu, du Lezo Zero Zabor plataformak. «Pozik» hartu dute atez atekoa hilabete amaieran abiatzeko berria plataformako kide diren Edurne Lizarazu, Mertxe Larrea eta Irune Mikeok. Orain urtebete sortutako Lezo Zero Zaborren zortzi bat lagun dabiltza lanean, eta hainbat ekimen egin dituzte udalerrian bertan «murriztu, berrerabili eta birziklatzearen» beharraz ohartarazteko, «daramagun erritmoa jasangaitza delako».

Lezo Zero Zabor atez atekoaren aldeko plataforma ez dela azaldu du Larreak, errauste plantaren kontrako ekimena baizik, «birziklatzearen aldeko plataforma gara, eta horri jarraituz gehien birziklatzen duen sistemarekin bat egiten dugu». Atez atekoa dela une honetan bide horretan eraginkorrena gaineratu du Mikeok, «eta bidea hori dela argi dugu». Atez atekoa ezarrita, ordea, ez da euren lana amaituko, helburua zero zabor izatea baitute, eta bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute: «Jende batek barre egiten du gure helburua zero zabor sortzea dela esaten dugunean, ez dela posible diote. Guk, ordea, argi dugu hori dela bidea. Merkatariekin hasiko gara lanean beraien eguneroko jardunean ohitura jasangarriagoak bultzatzeko, plastiko gutxiago erabiltzeko, adibidez».

Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, Lezo Zero zaborren arabera, mundu «jasangarriago» baten alde egiteko ezinbesteko oinarriak. «Ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatu behar gara; erosketak egiten ditugunean arlo hori ere kontuan hartu behar dugu», esan du Mikeok.

Erosotasuna arazo

Lezoarren birziklatze kopurua ere ekarri dute gogora Lezo Zero Zabor taldeko kideek, «birziklatzearen alde dagoela esaten du jendeak eta hala egiten duela… Datuak, ordea, hor daude, eta Lezon %28a birziklatzen dugu». Datu horren atzean «erosotasuna» dago Larrearen ustez, «zabarrak gara, behin ere egin ez ditugun gauzetara ohitzea kostatu egiten zaigu, eta zalantzarik gabe kontzientziarik ez badugu, errazagoa egiten zaigu dena poltsa berean sartzea eta kito. Horren atzean, ordea, gure zabarkeriagatik ingurumenari, lurrari eta aireari egiten ari garen kaltea dago».

Atez atekoa zikina dela diotenei erantzun nahi izan die Larreak, halaber: «Lezon urte luzeetan izan ditugu usainak eta keak, enpresetatik zetozenak, kutsadura izugarria ere… normalak ziren. Gerora jakin dugu haiek eragiten zuten kaltea. Horiek guztiak jasanda, orain zaborrak usaina sortuko duela da arazoa?».

Atez ateko sistemaren gaineko iritzi kontrajarriek herriko giroa «berotu», «zatitu» eta «deskiziatu» ere egin dutela argi du Larreak, bestalde, eta Lezo Garbia plataformak parte hartze prozesuetan egindako elkarretaratzeak eta hainbat bizilagunek zintzilikarioak  kendu izana ekarri du gogora Lizarazuk. Zintzilikarioen harira sortutako tentsio uneak ere ez dituzte ulertzen: «Sei hilabeteko epean,  zintzilikarioen birkokatzeari buruzko proposamenak egiteko aukera izango dute bizilagunek, hau da aldaketak planteatzeko». Horren harira, lasaitasuna eskatu diete herritarrei, «zerbait ona egiten ari garelako. Zerbait ona, munduan denok hobeto bizitzeko».

Lezo Zero Zabor plataformako kideek udalerria %80 birziklatzera helduko den zalantzarik ez dute, «poliki-poliki joan behar dugu, borondate eta asmo onekin eta helburua lortuko dugu, ziur; baita gainditu ere. Kontzientzia minimo bat eta gogoa, bi horiek baino ez dira behar atez atekoa ongi egiteko».

%82,75

Oiartzungo 2012ko abenduko birziklatze datua. Iazko abenduan atez atekoarekin %82,75 birziklatu zuten oiartzuarrek. Orain hiru urte atez atekoa abiatu zuenean, %80ko helburua jarri zuen Oiartzungo Udalak, baina kopuru hori gainditu dutela erakutsi dute azken datuek. Oarsoaldean atez atekoa ezarriko duen bigarren udalerria izango da Lezo. Une honetan %28 birziklatzera ez dira heltzen bertan, eta %80raino iristea jarri dute helburu atez atekoarekin. Pasaiak, berriz, %30 birziklatzen du. Gutxienez %70 lortzea da udalaren helburua. Pasai Donibane izango da atez atekoa ezartzen duen udalerriko lehen barrutia, aurten bertan.

Atez atekoa ezartzen, Gipuzkoako bederatzigarrena

Atez ateko hondakinen bilketa sistema ezartzen duen Gipuzkoako bederatzigarren herria izango da Lezo, Hernani, Oiartzun, Antzuola, Usurbil, Astigarraga, Legorreta, Zaldibia eta Itsasondorekin batera. Bide berbera hartuko du, data zehaztu gabe badago ere, Pasai Donibanek. Aurten izango dela jakina da, ordea.

5.000

Lezok organikoa biltzeko banatuko duen kubo kopurua. Lezoko Udalak 5.000 kubo (bi etxe bakoitzeko) eta errafiazko poltsekin osatutako 2.500 multzo banatuko ditu bizilagunen artean, datozen egunetan, atez atekoa martxan jarri aurretik.

Pasaiako EAJren galderak erantzun ditu Agirregabiriak

Pasaiako EAJren udal taldeak Donibaneko atez atekoaren gaineko hainbat galdera egin zizkion Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateari, batez ere gune historikoan zintzilikarioak jartzeari buruzkoak. Alkateak banan-banan erantzun ditu horiek, eta pasaia.hitza.info-n ikus daitezke galderak eta erantzunak.

Organikoarekin hasiko dute atez atekoa lezoarrek

Materia organikoaren bilketarekin estreinatuko dute atez atekoa Lezon. Horren harira, lehenengo bilketa egunaren kasuan, lezoarrek edukiontzi marroia atera beharko dute bilketa puntuetara. Hilaren 28ko 20:00etatik hilaren 29ko 07:00ak arte utzi ahalko dira edukiontziak bilketa puntuetan.

Bitartekoak biltzerik ez duten lezoarrek nora jo behar dute?

Egokitutako egunean bitartekoak jaso ezin dituzten bizilagunek beste egunetan jasotzerik izango dutela jakinarazi du Lezoko Udalak. Banaketara gerturatu ezin dutenentzat, berriz, telefono zenbaki bat jarri du udalak, 943 52 15 38. Bertara deituta materialak jasotzeko modua zehaztu ahalko dute.

Munttarko Adierazpena

Irudia

Munttarko Adierazpena

Lezo historia eta izeneko herria da. Sortzaile ugari, historiako eta asmatutako
pertsonai, eliza eta enparantza ederrak eta Jaizkibelgo eta Gaintxurizketako paraje
zoragarriak dauzkana. Hala aitortzen digute herritik kanpora. Baina Lezo benetan handi
egiten dugunak, gu gara, lezoarrak. Ideia eta pentsamolde oso ezberdineko herritarrak,
denok nahi dugu hoberena gure herriarentzat.
Elkarrekin
Horregatik elkartu gara Munttarko adierazpena
izenpean hainbat lezoar.
Pentsamolde eta herri ikuskera ugarietako kulturzale, kirolari, hezitzaile, eta
konprometitutako hainbat herritar. Lezoarroi mezu argi eta sinplea zabaltzeko:
Hondakinekin daukagun arazoa elkarrekin konpondu behar dugula.
Birziklatuz
Lehenengo mundu honetan bizi garenok hondakin gehiegi sortzen dugu Lezon,
Euskal Herrian, Europan eta Munduan. Honen aurrean herri aurreratu guztiek apustu
garbi bat egiten dihardute: birziklapenaren apustua.
Gure ustez, hondakinekin dugun arazoa konpontzeko hauxe egin behar da:
Hondakin gutxiago sortu, ahalik eta gehien berrerabili, eta ahal den guztia birziklatu.
Heziketa eta osasuna
Seguru gaude denon edo gehienon konpromisoa dela birziklatzea. Etikoa,
ekologikoa, justua eta naturala delako. Hori nola egin asmatzea da kontua. Ahalegintxo
bat egiteko prest gaude? Seguru baietz. Gainera, hola ez dugu erraustegia egiteko
beharrik izango, ez Lezon eta ez beste inon.
Ikerketa zientifiko ugarik diote, erraustegiak pertsonen osasunerako oso
kaltegarriak direla; inork ez ditugu gure etxe ondoan nahi. Birziklatuz, gure osasuna
zaindu, gure seme-alabei etorkizun hobea eskaini eta ingurumena kontserbatuko dugu.
Hezitzaileok ere, Lezoko inguruak eta ingurumenak zainduz, heziko ditugu belaunaldi
berriak.
Lezoarrok lortuko dugu hondakinen arazoari irtenbidea topatzen! Elkarrekin hitz
eginez, eztabaidatuz, parte hartuz, eta adostasun zabalera helduz.

Incineradoras “modernas” y cancer. Entrevista en Radio Euskadi a Julio Barea de Greenpeace sobre el reciente estudio.

RADIO EUSKADI : Las personas que viven cerca de una incineradora de residuos tienen más riesgos de padecer un cáncer

Errausketak osasunean kalteak eragiten ditu. Ikerketa eta txostenak

Estudio e informe

http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/errausketak-osasunean-kalteak-eragiten-ditu-ikerketa-eta-txostenak/

Environment International :

Click to access 1-s2-0-S0160412012002279-mainIncindeaths.pdf